logo ikastola hegoalde

Nortasuna

Hezkuntza Proiektu batek, gestiorako tresna izateaz aparte, zentroaren ezaugarriak eta nortasuna islatu, nahiak eta helburuak zehaztu eta barne antolaketa adierazten ditu.

Hegoalde Ikastolak osatu dituen beste txosten eta lan guztietan bezala, zer nolako ikastola nahi dugun zehazterakoan ere, eztabaida, elkartrukea eta adostasuna izan dira gidari.
 



Nortasun ezaugarriak:

Hegoalde Ikastola publikoa eta euskalduna izateko jaio zen eta horretan dihardu.

Irakaskuntza euskaraz egiten da hiru urteko haurrekin hasi eta 12 urtekoekin bukatu murgiltze programaren bidez, ingelesa eta gaztelania modu bateratuan landuz eleaniztasuna bultzatzen da.

Ikasleen inguru hurbiletik abiatuta, gure kultur errealitateetan oinarritzen gara, beti ere, ikuspuntu kritikoan eta gainerako kulturetara irekiak izanik.

Heziketa aktiboa eta esanguratsua bultzatu nahi dugu, beraz, behaketan eta hausnarketan oinarritzen dira egiten diren jarduerak, gelan nahiz gelaz kanpo.


Baloreei garrantzi handia ematen diegu: elkar lanean, norberaren askatasunean, besteenganako errespetuan eta arduran oinarritzen gara ikasleen garapen pertsonala eta soziala bultzatzeko.

Gizartetik heldu diren heziketa eskakizun berriak eta proposamenak aintzat hartu eta eguneroko jardueretan txertatzen ditugu: kontsumitzailearen heziketa, hezkidetza, bakearen aldeko heziketa, hezkuntza fisikoa, ekologia eta abar.

Baliabide zabalak erabiltzearen aldeko joera du gure ikastolak: liburutegiak, ordenagailuak, ikus-entzunezkoak, hitzaldiak, lan kooperatiboa, ikasle handien tutoretza, erakusketak eta abar ikasteknika ezberdinak erabiliz.


Irakasleen artean elkar lana, hausnarketa eta ardura bultzatzen dugu heziketarako proiektu bateratu eta berritzailea bultzatzeko asmoz.

Lan giro egokia lortzeko asmoz gorago esandako baloreetan oinarritzen gara, gestio demokratikoa bultzatzen dugu, hau da, informazio truke aberatsa, eztabaida irekia eta erabakiak hartzerakoan errespetuan finkatua.

Ikastolan bultzatzen diren baloreak familia taldeetan sustatzen dira, guraso eta inguruko gizartearekiko harremanak sendotzeko.